Ariketa honek bi arloen artean egindako lehenengo esperientzia suposatu du. Ariketaren helburua argazkia eta testuen bitartez lan bateratu bat egitea izan da. Plastika arloan argazkigintzari buruzko edukiak lantzen ari gara, eta Lengua y Literatura Castellana arloan deskribapenari buruzkoak. Lanaren gaia Getxo izango da. getxophoto argazki erakusketa bisitatzera egin dugun irtenaldia aprobetxatuz, ikasleek Getxoko argazkiak egin dituzte bertako inguruneak erakutsi eta deskribatzeko helburuarekin, Plastika arloan argazkigintzari buruz ikasitako edukiak praktikan jarriz.

Irtenaldia eta gero, ikasle bakoitzak egindako argazkiak aztertu eta egokiena aukeratu du bere lana aurrera eramateko. Ikasleak, argazkian erakutsitakoan oinarrituz, testu bat idatziko du ezaugarri linguistiko – literario hauek erabiliz: deskribapena, narrazioa eta orain aldiaren erabilera. Testuen bitartez oroimenak, bizipenak eta antzerakoak adieraziko ditu. Testua idazteko baliabideak Lengua y Literatura Castellana arloan landu dituzte. Ikasle (eta irakasle) bakoitzak egin behar dugun lana, beraz, bikoitza izango da. Getxori buruzko adierazpena landuko dugu
, bai argazkia, bai testua erabiliz, eta bi baliabideak erabiliko ditugu gure lanak sortzeko.

Ikasleek ariketa honen bitartez Ikasten ikasteko, Hizkuntza - komunikaziorako, Giza eta arte - kulturarako eta Norberaren autonomia eta ekimenerako konpetentziak landuko dituzte. Argazkien gaiak kontuan izanik, Gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia ere landuko da. Argazki kameraren erabilera dela eta, Teknologia digitala erabiltzeko konpetentzia ere landuko da.

Hona hemen era honetako lanen adibide bat:

santi_lekeitio_testua+irudia.jpg

Adibide hau ikasleei ariketa proposatzeko asmatu nuen. Argazkigintzako edukiak azaltzeko erabilitako Azpiri kalearen argazkia da. Testuan azaltzen dudana Lekeition uda honetan igarotako oporren oroitzapen bat da.

Gure helburuetariko bat ikasleek sortutako lanekin wikian erakusketak antolatzea da. flashgetxo ariketan egindako lanekin gure lehenengo erakusketa antolatu dugu. Erakusketa hau ikusteko hemen klikatu.

Mara eta Jonan, Lengua y Literatura Castellana eta Plastika arloko irakasleak.